• Txintxarri aldizkaria
    Txintxarri aldizkaria
  • Euskararen Maratoia 2016
    Euskararen Maratoia 2016
  • Kanpaldiak 2016
    Kanpaldiak 2016

Zer gara

Ttakun Kultur Elkartea Lasarte-Orian euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa sustatu nahian dabilen elkartea da. Egitasmo edo jarduera puntual solte batzuk izatetik, programa, egitarau eta ekintzez osatutako urteroko programa iraunkor eta irmo bat izatera iritsi da urteen poderioz. Programa horren ardatz nagusia, erakunde gehienetan bezala, giza baliabideetan oinarritua da: ia 500 bazkide, hainbat boluntario, begirale, kolaboratzaile... Azken batean, lagun-sare handi baten eta langile finko batzuen artean, egitasmo kalitatez hobea eta kopuruz osatuagoa betetzen saiatzen gara urtero. Web-orri honetan, adierazitako hori guztia jasotzen saiatu gara: helburuak, egitasmoak, programak, ekintzak, giza baliabideak eta abar. Bestela esanda, garena eta duguna azaltzen ahalegindu gara. Bestalde, egitasmoaren oinarri edo motor aipatu giza baliabideak badira, gure jomuga noizbait Lasarte-Oria euskalduna ikusteko eta disfrutatzeko parada izatea da. Edonola ere, jomuga bezain garrantzitsua da Ttakun K.E.arentzat langintza horretan herritar guztiak bidelagun izatea eta helburua elkarrekin lortzea. Izan bedi begien bistan duzuen web-orri hau gure bidaia luze horretan egindako beste urrats garrantzitsu bat. Azkenik, goza ezazue gure artean zaudeten bitartean!


Herri-onurako elkartea

Hamar urteko jardunean, gizartearen aitorra ez ezik, instituzioena ere jaso du Ttakun Kultur Elkarteak. Alde batetik, Lasarte-Oriako Udalak, erakundea sortu eta pare bat urtera, Ttakunen egitasmoak hitzarmen bidez diruz laguntzeko konfiantza erakutsi zuen, eta geroztik ere jokabide bera izan du urtez urte; bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ezagutu dute Ttakun Kultur Elkarteak egindako lana. Lehenak, Eusko Jaurlaritzak alegia, herriaren onurako erakunde aitortu zuen 2000ko uztaileko gobernu-bileran, eta izendapen hori 158/2000 Dekretuan dago jasota (EHAA, 165. zk., 2000ko abuztuaren 29koa). Bigarrenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Anton Abbadia Saria eman zion 2000. urtean, hau da, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna publikoki ezagutzen duen saria. Beraz, urte gutxiko elkartea, baina, izena ez ezik, izana ere baduen erakundea da Ttakun Kultur Elkartea.